Agustinak Zentroak DOBLA-ARTIK topaketa profesionala hartuko du Dantzarte astean

Irailaren 6tik 13ra, Errenteriak Dantzarte astea ospatuko du, dantzaren dimentsio eta adierazpide desberdinak herritarrengana hurbiltzeko astea. Horretarako, ikuskizunak, tailerrak, topaketa profesionalak eta bestelako kultur proposamenak antolatuko dira.

Agustinak Zentroak ekimenean parte hartuko du, egitaraua osatzen laguntzen duten eragileetako bat izanik.

Horiek horrela, Agustinak Zentroa Dantzarteren hitzordu profesionaletako baten agertoki izango da.

Irailaren 9an, “DOBLA-ARTIK Topaketa Profesionala: Nola definitzen dugu dantzaren sektorea?” hartuko du, 10:00etatik 13:30era eta 14:30etik 16:30era.

Jardunaldiak dantzaren sektoreko profesionalak eta eragileak bilduko ditu, esperientziak partekatzeko, hausnartzeko eta dantzaren esparruaren definizioaren eta egungo erronken inguruan eztabaidatzeko.

Topaketa Dobla proiektuaren barruan kokatzen da. Europar Batasunak Interreg POCTEFA programaren bidez babestutako mugaz gaindiko proiektua da, eta Pirinioetako bi aldeetako dantza-eragileen arteko lankidetza indartzea du helburu.

Topaketa profesionalean parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da dantzagunea@gipuzkoa.eus helbidean.

Dantzartek Errenteria dantzaz beteko du aste oso batez, herritarrei zein sektoreko profesionalei zuzendutako askotariko proposamenekin.

 

EGITARAU OSOA HEMEN ESKURAGARRI
 


Oarsoaldea