AGUSTINAK ZENTROAK ETA AUZOAREN ARIMAK AUZOAK AKTIBATU DITUZTE TOKIKO SORMEN TALENTUAREN LEIHO BATEKIN
Erakusketa ibiltaria erakusleiho hutsetan, zentroko proiektuak herritarrengana hurbiltzeko eta hurbileko merkataritza suspertzeko
Tokiko talentua zabaltzeko konpromisoaren parte gisa, Agustinak Zentroak erakusketa ibiltari bat antolatu du, auzoetako erakusleiho hutsak sormenez beteko dituena. Helburua argia eta zuzena da: zentroko ekosistema osatzen duten pertsonak, proiektuak eta jarduerak ezagutaraztea, haien lana herritarrei modu ikusgarri, irisgarri eta hurbilean helaraziz.
Erakusketa mugikor honek Errenteriako Erdiko Kalea 13ko lokal batean hasi du bere ibilbidea, eta Auzoaren Arima proiektuko jarduera guneetako hainbat espaziotatik bidaiatuko du. Erakusleiho bakoitza komunitatearen eta kultura-berrikuntzaren arteko topagune iragankor bihurtuko da, lokal horiek jarduera eta konexio berriak hartzeko duten ahalmena erakutsiz.
Auzoen bihotza biziberritzeko aliantza
Agustinak Zentroak bat egin du Auzoaren Arima ekimenarekin erakusketa ibiltari honen bidez, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalek Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin bultzatutako proiektu estrategikoa izanik. Sare komertziala eta soziala biziberritzea du helburu, hutsik dauden lokalak aktibatuz, sormenezko esku-hartzeak eginez eta ekintzailetzari lagunduz.
Erakusketaren ibilbidea eta helburuak
Erakusketa lokal hutsetan txandakatuko da Auzoaren Arimaren esku hartzeko eremu hauetan:
Errenteria: Iztieta aldea
Lezo: Hirigune Historikoaren eta Zubitxo kalearen arteko merkataritza-ardatza
Oiartzun: Elizalde eta Altzibar auzoak
Pasaia: Antxoko barrutia
Helburua bikoitza da: Agustinak Zentroan dagoen sormen-aberastasunari balioa ematea eta, aldi berean, hutsik dauden saltokiak aldi baterako aktibatzea, jarduera berrietarako eta dinamizazio komunitariorako aukera-espazio gisa duten potentziala erakutsiz.
Gonbidapena herritarrei eta balizko ekintzaileei
Agustinak Zentroak bizilagun guztiak gonbidatzen ditu Erdiko Kalea 13ko (Errenteria) gunean eskuragarri dagoen erakusketaren lehen geltokia bisitatzera eta proiektuak eta zentroko zerbitzuak ezagutzera. Era berean, gogorarazi du lokal hori alokairurako eskuragarri dagoela kultura- eta sormen-sektoreko jardueretarako.
Informazio gehiago
Agustinak Zentroa
943 518 404
agustinakzentroa@oarsoaldea.eus
Instagram: @agustinak_zentroa
Agustinak Zentroari buruz
Agustinak Zentroa erreferentziazko gunea da kulturaren eta sormenaren sektorean, Kultura eta Sormen Industrien (KSI) barruan ekintzailetza, hazkundea eta sarearen sorrera bultzatzeko.
Oinarrizko zerbitzuak eskaintzen ditu, hala nola aholkularitza pertsonalizatua eta doakoa, lanerako espazioak, prestakuntza, topaketa profesionalak. Sormen-diziplina anitzekin lan egiten du (diseinua, dantza, musika, ikus-entzunezkoa, ilustrazioa, bitxiak, ehungintza, pintura, artisautza), hasieratik laguntza profesionala emanez talentua eta berrikuntza bultzatzeko.