ARIMA GOZATU GENUEN LARUNBATEAN!

Oarsoaldeko lau herriren arteko elkarlanak, gertuko merkataritzak eta herritarren berotasunak egun ahaztezina oparitu ziguten Lezon.


Larunbatean, AUZOAREN ARIMA GOZOA txokolate azokak goxotasunez, alaitasunez eta bizitzaz bete zuen Lezo!

 


 Goiza euripean hasi genuen, eta herritarren berotasunak giro ederra sortu zuen lehen unetik. Aterkiak eskuan, haur, gazte eta heldu ugari hurbildu ziren azokara, gertuko merkataritzarekin, artisautzarekin eta gure herrietako bizitzarekin duten konpromisoa erakutsiz.


 

 


Saltoki txikietako produktuak ezagutu eta erosi, artisauen lana gertutik ikusi, tailerretan parte hartu, ikasi, dastatu, partekatu… Txikiek zein helduek gozatu zuten, eta azokako txoko bakoitzean giro ederra sortu zen.



Arratsaldeko 18:00etako txokolatadak amaiera bereziki gozoa eman zion egunari. GOZOA elkarteko gozogileek txokolatezko etxe ikusgarriak sortu zituzten, eta txokolate hori Lezoko herritarren artean banatu genuen. Haurren begietako distira, irribarreak eta une horretan partekatutako poza izan ziren eguneko oparirik ederrenak.


 


Bihotza bete-bete eginda amaitu genuen eguna! Merkatariak pozik, herritarrak gustura eta antolatzaileok zoriontsu. Elkarrekin bizitako egun eder horietako bat izan zen.


ESKERRIK ASKO, BIHOTZ-BIHOTZEZ!


Azokan parte hartu zenuten merkatari eta artisau guztioi, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, GOZOA elkarteari, Lezoko Udalari, SALVA enpresari, antolaketan eta prestaketa-lanetan aritu zineten guztioi eta, bereziki, azokara hurbildu eta egunari bizia eman zenioten herritar guztioi.


Zuek eman zenioten azokari benetako zentzua. Izan ere, horixe da AUZOAREN ARIMAren funtsa: gure kaleak bizirik mantentzea, gertuko merkataritza indartzea, harremanak ehuntzea eta herria elkarrekin egitea.


Herri biziak elkarrekin egiten ditugu. Eta elkarrekin, beti gozoago!


Besarkada GOZOA denontzat! 
 

PRENTSA-DOSIERRA

 

auzoarenarima.eus/gozoa