Udan artea eta natura jende guztiarentzat Agustinak Zentroan

"Belar Artean" programak aire zabaleko tailerrak eskainiko ditu uztaila eta iraila bitartean, sormena sustatzeko eta Agustinak Zentroko sormen-ekosistema ezagutarazteko

Agustinak Zentroak "Belar Artean" aurkezten du, udako hilabeteetan bere lorategian egingo den aire zabaleko tailer artistiko eta artisauen programa berria. Naturarekin harreman zuzenean sormena garatu nahi duten pertsona guztiei zuzendutako ekimen honek, parte-hartzaileei esperientzia artistiko bat eskaintzeaz gain, Agustinak Zentroan garatzen diren proiektuak eta bertako sortzaileak ezagutzeko aukera ere emango die.


Idoia Lizeagak gidatuko du egitasmoa, hainbat diziplinatako profesionalekin batera. Lore artea, artisautza, bitxigintza, argazkilaritza eta dantza uztartuko dituzte, aire zabaleko eta parte-hartzea sustatzen duen ingurune irisgarri batean.


Sormena lantzeko eta komunitatea indartzeko egitasmoa


"Belar Artean" programak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, adin eta jatorri desberdinetako pertsonen sormena sustatzea, natura-ingurunean esperimentatzeko, ikasteko eta elkarrekin sortzeko espazioak eskainiz. Bestetik, Agustinak Zentroa osatzen duten profesionalak, proiektuak eta eragile sortzaileak ezagutaraztea, komunitatearekiko lotura sendotuz.


Hiru tailer, hiru esperientzia sortzaile


Programak hiru tailer eskainiko ditu, gehienez 20 laguneko taldeetan.


•    "Belarrarekin egindako ehuna" (uztailaren 11n): elementu naturalekin ehungintza lantzeko tailerra. 
•    "Inurrien dantza" (abuztuaren 29an): mugimendua, jolasa eta land art-a uztartzen dituen esku-hartze artistiko kolektiboa. 
•    "Natura erretratuan" (irailaren 19an): lore artea eta natura-argazkilaritza uztartzen dituen esperientzia. 


Tailerrak publiko askotarikoari zuzenduta daude —familiak, emakume taldeak, ikasleak nahiz sormenarekiko interesa duten pertsonak—, eta ikaskuntza teknikoa esperimentazio artistikoarekin uztartuko dute. Horretarako, zura, zeramika, loreak, ehun-zuntzak eta ingurune naturalean bildutako elementuak erabiliko dira.

 

Diziplina anitzeko lantaldea


Programa Idoia Lizeagak koordinatzen du, eta haren ondoan ariko dira, besteak beste, Mendi Urruzuno, Olatz Pujana, Jone Taberna eta Nuria Martinez. Horiez gain, Agustinak Zentroari lotutako beste hainbat sortzailek ere parte hartuko dute, zentroaren sormen-ekosistema aberastuz eta elkarlana sustatuz.


Artea, natura eta komunitatea elkartzeko gunea


"Belar Artean" uztailaren 11n, abuztuaren 29an eta irailaren 19an egingo da, eguraldiaren arabera. Tailer bakoitza unean uneko naturara eta ingurunean aurkitzen diren elementuetara egokituko da; horrela, saio bakoitza esperientzia bakar eta errepikaezina izango da.


Ekimen honen bidez, Agustinak Zentroak kultura, sormena eta ongizatea sustatzeko duen konpromisoa berresten du, artea, natura eta komunitatea elkartzen diren topagune gisa sendotuz.

 


Informazio gehiago


📅 Agenda: www.agustinakzentroa.eus
📧 agustinakzentroa@oarsoaldea.eus
📞 943 518 404

 

IZEN-EMATEAK OARSOALDEAREN AGENDAREN BIDEZ