AUZOAREN ARIMA ARTISTA ETA SORTZAILEEN BILA, HIRU AUZO KOMERTZIAL BIZIBERRITZEKO
Auzo hauek behar duten arima zara?
"Auzoaren Arima" proiektuak proposamenak aurkezteko epea ireki du, Lezo, Pasaia (Pasai Antxo) eta Oiartzungo (Altzibar auzoa) espazio publikoetan elkarrekin lotutako hiru esku-hartze artistiko egingo dituen pertsona edo talde bakarra hautatzeko. Helburua da espazio horiek eraldatzea eta interesgune iraunkor berriak sortzea, oinezkoen joan-etorria sustatzeko eta tokiko merkataritzari balioa emateko, auzo bakoitzak behar duen arima itzuliz.
Nork har dezake parte?
Lehiaketa honetan parte har dezakete sormen- eta kultura-industrien arloko pertsona fisiko edo juridikoek: artistak, beren obrak egiten dituzten diseinatzaileak, espazio publikoko esku-hartze artistikoetako espezialistak, artisauak, sortzaileak oro har. Nahitaezkoa da legezko gaitasun osoa izatea eta kontratatzeko gaitasunik gabe ez egotea. Pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta aldi baterako enpresa-elkarteak (ABEE) onartzen dira. Salbuetsita geratzen dira ondasun-erkidegoak eta nortasun juridiko propiorik gabeko beste edozein forma juridiko. Parte-hartzaile bakoitzak proposamen orokor bakarra aurkeztu ahal izango du, hiru kokapenak barne hartzen dituena. Ez da onartuko proposamen partzialik, kokapenetako bat edo bi bakarrik kontuan hartuta.
Kokapenak
Hiru esku-hartzeak Lezon (Kale Nagusia/Gurutze Santuaren Plaza), Pasaian (Biteri Plaza Pasai Antxon) eta Oiartzunen (Mikelete Kalea Altzibar auzoan) egingo dira.
Aurrekontua
Hiru esku-hartzeak osorik egiteko, gehienez 10.000 euroko aurrekontua izango da (BEZa barne). Ordainsariak, diseinua, ekoizpena, materialak, garraioa, muntaia, desmuntaketa, erantzukizun zibileko asegurua eta BEZ barne. Ordainketa % 50ean egingo da kontratua esleitu eta sinatu ondoren, eta gainerako % 50a hiru esku-hartzeak amaitu eta behar bezala instalatu ondoren. Eskaintza ekonomikoak banakapen bat aurkeztu behar du, hiru kokapenen arabera bereizita.
Epea eta bidalketa
Aurkezteko epea 2026ko maiatzaren 31n amaituko da, 00:00etan. Proposamenak posta elektronikoz baino ez dira bidaliko auzoarenarima@oarsoaldea.eus helbidera, "Auzoaren Arima 2026 Lehiaketa – [Proiektuaren izena]" gaiarekin. Bi fitxategi erantsi behar dira PDF formatuan: bat dokumentazio administratiboarekin ([Proiektuaren izena] _ADMIN.pdf) eta bestea proposamen sortzaile anonimoarekin ([Proiektuaren izena] _PROIEKTUA.pdf). Bertan, memoria kontzeptuala, memoria teknikoa, irudikapen grafikoa eta aurrekontu banakatua jasoko dira.
Balorazio-irizpideak
Lezo, Pasaia eta Oiartzungo udaletako eta Oarsoaldeko ordezkariek osatutako epaimahaiak 100 punturekin baloratuko ditu proposamenak. 25 puntu emango zaizkio, gehienez, originaltasunari, sormenari eta kalitate artistikoari; 35 puntu, ingurunera egokitzeari, hiru esku-hartzeen arteko loturari eta lehiaketaren helburuarekin bat etortzeari; 25 puntu, gehienez, bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari; eta 15 puntu, gehienez, materialen iraunkortasunari eta mantentzeari. Bereziki baloratuko da hiru esku-hartzeek multzo bateratu bat osatzea, "Auzoaren Arima" proiektuarekin eta haren leloarekin oso lotuta dagoen argumentu-ildo batekin: "Zure auzoak behar duen arima". Lehiaketa eman gabe utzi ahal izango da proposamenek gutxieneko kalitatea lortzen ez badute edo jarduketa bateratua eta konektatua lortzen ez badute.
Kontsultak
Kontsultak helbide elektroniko berean egin daitezke: auzoarenarima@oarsoaldea.eus. Informazio gehiagorako eta oinarriak kontsultatzeko, bisitatu auzoarenarima.eus.
Auzoaren arima gainean
Auzoaren Arima merkataritza eta gizartea biziberritzeko proiektua da, Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo udalek, Oarsoaldea garapen agentziarekin eta Eusko Jaurlaritzaren finantziazioarekin batera sustatua.
Helburua auzoei bizitza itzultzea da, hutsik dauden lokalak aktibatuz, tokiko ekintzailetza sustatuz eta espazio publikoa dinamizatuz. Horretarako, proiektuak hainbat fasetan jarduten du: okupatu gabeko lokalak identifikatzen ditu, aldi baterako esku-hartzeen bidez horiek balioesten ditu eta jabeak ekintzaileekin konektatzen ditu bitartekaritza-zerbitzu baten bidez. Gainera, proiektu berriei aholkularitza eta laguntza ekonomikoa ematen die.
Ekimena lau udalerrietako gune zehatzetan garatzen da. Gune horietan trakzio-efektu bat sortu nahi da, merkataritza-sarea suspertuko duena, oinezkoen joan-etorria berreskuratuko duena eta komunitatearen zentzua indartuko duena. "Auzoen arima" lelopean, proiektuak ulertzen du eragile guztien inplikazioa – publikoak, pribatuak eta auzokoak – funtsezkoa dela kaleen jarduera eta dinamismoa berreskuratzeko.
Auzoaren Arima, 2026ko maiatza