BANATU DITUZTE EUSKARAREN PAPARAZZIEN SARIAK

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolaturiko Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren seigarren edizioko irabazleak jakinarazi ditu epaimahaiak.

Seigarren edizio honetara aurkeztu diren 43 argazkien artetik herri bakoitzeko argazki irabazle bat bereizi du epaimahaiak. Errenteriako argazki irabazlea Egoitz Segurak Izan Nutrizio dendari ateratakoa izan da. Lezoko argazki onena Iñaki Nogueirak Zarzuelo botikari egindakoa dela ebatzi dute adituek. Oiartzungoa, berriz, Larraitz Lasak eta Itxaro Gartziak Urrats liburu dendari egindakoa eta, azkenik, Pasaiako onena Sindy Avilak Donibaneko Katiuskak estudioari egindakoa.

Korrika kulturalaren barnean antolaturiko argazki lehiaketa da EUSKARAREN PAPARAZZIAK. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko, hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea du helburu egitasmoak.

Euskara eta merkataritza/ostalaritza hobekien uztartzen dituzten argazkiak izaten dira baloragarri.

Irabazleek 2024ko martxoaren 25etik maiatzaren 31ra bitartean Oarsoaldeko saltokietan gastatzeko 150 euroko ordainsaria eskuratu dute. Argazkiak ikusgai daude www.oarsoarrak.eus web gunearen multimedia atalean..

Hortxe ditugu argazkietan, batetik, Egoitz Segura, Errenteriako euskara zinegotzi Leire Maziziorren eskutik saria jasotzen.


 

Hurrena, Iñaki Nogueira ageri zaigu Lezoko euskara teknikari Joxemari Iraolaren eskutik saria jasota.


 

Segidan, Larraitz Lasa eta Itxaro Gartzia Aitzol Perez de San Romanen eskutik saria hartzen.


 

Azkenik, Sindy Avila Pasaiako AEKren ordezkari Axier Lasaren eta Aintzane Taberna zinegotziaren eskutik saria hartzen.

 

Zorionak, irabazleoi!!