Black Friday: erosi aurretik, pentsatu!

Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoaren bost aholku, erosketak modu arduratsuan eta seguruan egiteko.

Behar duzu edo merkeago dagoelako erosi nahi duzu? Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak hainbat aholku eskaintzen dizkigu Black Friday egunean modu arduratsuan eta seguruan erosteko.


Black Friday iristear dago (nahiz eta zenbait saltokik deskontuak eskaintzen dituzten azaro osoan). Fenomeno horretara ohitu garen arren, eta erosteko orduan gero eta kontu handiagoz jokatzen dugun arren, inoiz ez dago soberan zenbait aholku kontuan hartzea.


Eskaintzek eta deskontuek erosketa-erabakietan eragina izan dezakete. Horregatik, erosi aurretik, hartu une bat benetan zer behar duzun pentsatzeko. Deskontua izateak ez du beti esan nahi dirua aurrezten ari garenik.


Segurtasunez erosteko bost gako


Erosketaren ondoren poltsikoan ezustekorik eta arazorik ez izateko, bost jarraibide erraz ditugu:

 

  • Aldez aurretik zerrenda bat egin eta aurrekontua zehaztu: interesatzen zaigunarekin zerrenda bat egin eta ezarritako gastu-muga ez gainditu. Horrela, erosketa konpultsiboak eta gerora damutzea saihestuko ditugu.
  • Aurreko prezioa egiaztatu: egiaztatu etiketan edo web bidezko prezio-konparatzaileetan deskontua azken hilabetean aplikatutako preziorik baxuenaren gainean egin dela. Saltzaile batzuek prezioak egun batzuk lehenago igotzen dituzte, benetako deskonturik ez duten produktuak sekulako eskaintza balira bezala aurkezteko.
  • Itzulketen baldintzei erreparatu: Internet bidezko erosketetan, gutxienez 14 egun naturaleko epea dago produktua itzultzeko azalpenik eman gabe (atzera egiteko eskubidea), salbuespenak salbuespen, hala nola neurrira egindako produktuak edo zigilua kendu zaien higiene-produktu jakin batzuk. Denda fisikoetan, akatsik gabeko produktuen kasuan, saltokiak erabakitzen du itzulketak onartzen dituen ala ez, eta baliteke dirua itzuli beharrean erosketa-txartel bat ematea.
  • Webgunearen segurtasuna egiaztatu: ziurtatu webgunearen helbidea https:// bidez hasten dela eta begiratu enpresaren identifikazio- eta harremanetarako datuak agertzen diren. HTTPS protokoloa erabiltzeak ez du, berez, webgunea fidagarria denik bermatzen.
  • Gorde beti erosketaren egiaztagiria: gorde tiketa, faktura eta eskaintzaren pantaila-argazkiak, erreklamazioa egin edo bermea baliatu behar izanez gero beharko baititugu.


Zalantzarik baduzu, Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoa zure eskura dago


Erosketa bat egin aurretik zalantzak dituzu? Erosketa egitean arazoren bat izan duzu? Ez dakizu zein diren kontsumitzaile gisa dituzun eskubideak?


Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoan informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizugu, zure eskubideak ezagutu eta defendatu ditzazun, baita erreklamazioak bideratzeko ere.


Jarri gurekin harremanetan:
📍 Madalen kalea 3, Errenteria.
📞 943 510 111
📩 kontsumo@oarsoaldea.eus
🕘 Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.


Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoaren eskaera formularioa


Gogoratu: erosi aurretik, pentsatu. Erosi arduraz eta ezagutu zure eskubideak.