ELKAR ZAINDUZ, Lezok tokiko merkataritza eta artisau-gozogintza izango ditu protagonista urriaren 17an AUZOAREN ARIMA GOZOA azokarekin

GOZOA Euskadiko Gozogileen Elkarteak, Lezoko udalak eta Auzoaren Arima egitasmoak, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez, elkarlanean antolatutako ekimenak tokiko ekonomia indartzea, komunitatea sendotzea eta herriko kaleak biziberritzea izango ditu ardatz.


Herriak bizirik mantentzeko ezinbestekoak dira bertako dendak, ostalaritza, artisauak eta herritarren arteko harremanak. Ideia horretatik abiatuta antolatu da AUZOAREN ARIMA GOZOA, urriaren 17an Lezoko kaleak tokiko merkataritzaren, artisau-gozogintzaren eta auzo-bizitzaren topagune bihurtuko dituen ekimena.


Auzoaren Arima, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren bidez, Gozoa Euskadiko Gozogileen Elkartea eta Lezoko udalak elkarlanean sustatutako egitasmo honek Elkar Zainduz kanpainaren balioak eramango ditu kalera berriz ere: tokikoa zaintzea, elkar zaintzea eta herri bizi bat eraikitzen jarraitzea. Horrez gain, Salva Industrial enpresaren parte hartzea ere izango dugu. 


Egun osoan zehar Lezoko erdigunea hainbat guneetan antolatuko da: tokiko merkatuaren gunea, artisau-gozogintzaren erdigunea eta herritarrak elkartu eta herritarrak elkartzeko eta tokiko produktuaren inguruan esperientziak partekatzeko topagunea. Helburua ez da soilik produktu bat saltzea; helburua da kaleak elkargune bihurtzea, bertako merkataritzari balioa ematea eta herritarren arteko harremanak sendotzea. 


Tokiko zaporea beti gozoagoa


AUZOAREN ARIMA GOZOA azokak artisau-gozogintza izango du ardatz, baina askoz harago doa. Tokiko ekoizpena, ofizioa, merkataritza eta ostalaritza lotuko dituen esperientzia izango da, herritarrak protagonista bihurtuko dituena.


Azokaren bihotzean obradore bat egongo da, non Euskadiko artisau-gozogileek beren lan egiteko modua zuzenean erakutsiko duten. Bertaratzen direnek gozogintzaren atzean dagoen ezagutza, pazientzia eta lan artisaua gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Horrez gain, Auzoaren Arimaren skyline-an inspiratutako txokolatezko pieza berezi baten elaborazioa ere aurreikusi da.


Azokak Oarsoaldearen kontakizuna ere mahai gainean jarriko du. Kakaoak Ameriketatik Pasaiara egindako bidea izango da abiapuntua; Lezon artisau-gozogintzak lehengaia balio erantsiko produktu bihurtuko du; Errenteriak industria eta merkataritzaren ekarpena irudikatuko du; eta Oiartzunek lehen sektorearen eta bertako lehengaien garrantzia gogoraraziko du. Lau herrien arteko loturak agerian utziko dituen ibilbide sinbolikoa izango da, tokiko ekonomia, ofizioak eta komunitatea elkarrekin eraikitzen direla erakusteko.


Txokolate azokako parte-hartzaileak


Azokan askotariko ekoizle eta artisauak bilduko dira, eta Lezoko zein Oarsoaldeko beste udalerrietako hainbat establezimendu eta ekoizlek ere parte hartuko dute.


Merkataritza gunean, besteak beste, honako hauek izango dira momentuz: Aparola SC (Errenteria), behi-, ardi- eta ahuntz-gaztekin; OnEin Kontserbak (Hernani), Artisau-marmelada ekologikoak; Zituene Koop., Pasta artisau eta ekologikoa (Errenteria); eta Versum Garagardoak (Oiartzun).


Gozogintza gunean, GOZOA elkarteko kideak izango ditugu; Dulces Free (Donostia), Maitiana bonboi-denda (Donostia), Geltoki Gozotegia (Donostia), Sarobe Gozotegia (Bera-Nafarroa), BakerBoyz artisau-gozotegia (Errenteria), Leonidas Belgikako txokolatea eta bonboiak (Donostia), MAIZZAMI –artisau-tiramisua (Donostia) eta La geselina -Txokolate-estalduradun alfajoreak- (Lasarte) izango dira.


Horrela, Lezon egingo den azokak bertako eta Oarsoaldeko eskaintza beste euskal ekoizle eta gozogile batzuekin elkartuko du, txokolatea, artisau-gozogintza eta tokiko produktua ardatz hartuta.

 

Tailer sortzaileak txokolatearekin


AUZOAREN ARIMA GOZOAk adin guztietako publikoarentzat prestatutako egitaraua eskainiko du.
Bertaratzen direnek artisau-gozogintzaren sekretuak ezagutu eta kalitatezko produktuen balioa gertutik ezagutzeko aukera izango dute. 
Haurrentzat ere izango da tokia. Tailer sortzaileek gozogintza, irudimena eta jolasa uztartuko dituzte, familia osoak elkarrekin gozatzeko aukera izan dezan.
Horrez gain, egun osoan zehar obradorra zuzenean ikusteko aukera izango da. Euskadiko artisau-gozogileek beren lan egiteko modua erakutsiko dute, produktuen atzean dagoen ezagutza, pazientzia eta ofizioa herritarrekin partekatuz. 


Elkarrekin eraikitzen den eskualdea


AUZOAREN ARIMA GOZOA azokaren funtsa herria egiten duten pertsonak elkartzea da.
Horregatik, jarduera parte-hartzaileak antolatuko dira, herritarrak elkar ezagutzera, elkarlanean aritzera eta esperientziak partekatzera gonbidatzeko. Izan ere, auzo biziak ez dira kasualitatez sortzen; elkar zainduz eraikitzen dira.


Ekimenak tokiko merkataritzaren ikusgarritasuna handitu nahi du, artisau-ofizioei aitortza egin, belaunaldi arteko transmisioa sustatu eta Lezoko kaleei dinamismo berria eman, tokiko  ekonomia eta komunitatea eskutik doazela erakutsiz. 


AUZOAREN ARIMA GOZOA azokak urriaren 17an izango du hitzordua, 10:30etik 19:30era, Lezoko erdigunean, eta sarrera librea izango da.
 


Oarsoaldea