ESKATU EUSKARAZ HERRIKO DENDETAN ETA ZERBITZUETAN!

Oarsoaldeko Euskara Batzordearen koordinaziopean, eskualdeko establezimenduetan euskara erabiltzeko sustapen kanpaina egingo dute Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek.

Azaroaren 16tik abenduaren 20 gauzatuko den kanpainak bi lanketa izango ditu. Batetik, zozketa bat, eta, bestetik, sentiberatze kanpaina egingo dute hainbat markesina eta sare sozialak erabiliz. 

Euskaraz barra-barra edo Bai Euskarari ziurtagiria duten eta kanpainan parte-hartzea erabakitzen duten establezimenduek zozketa baterako boletoak emango dizkiete euskaraz egiten duten euren bezeroei -boletoak eskuratzeko izena eman beharko dute establezimenduek udaletik bidaliko dieten emailari erantzunez-. Zozketa horretarako boletoak azaroaren 16tik abenduaren 1era bete eta entregatu beharko dira aipatutako denda, taberna eta zerbitzuetan. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, egingo da zozketa, eskualdeko herri bakoitzean irabazle bat ateraz. 2027an udalak antolaturiko kultur emanaldi guztietarako bina sarrera izango da saria. 

Oarsoaldean, gaur gaurkoz, Euskaraz barra-barra eta Bai Euskarari ziurtagiria duten 307 establezimendu daude: 125 Errenterian, 35 Lezon, 87 Oiartzunen eta 60 Pasaian. 

Sentiberatze kanpainari dagokionez, berriz, antolatzaileek azaldu dute, eskualdeko 14 markesinatan tokian tokiko establezimenduetako arduradun eta langileen argazkiekin osatutako binilozko irudi ikusgarriak jarriko dituztela bezeroei euskaraz egiteko gonbita eginez. Irudi horiek berak sare sozialen bidez ere zabalduko dira kanpainak irauten duen denboran. Kanpaina hori Gipuzkoako Foru Aldundiak  diruz lagundu du eta Donostian eta Oarsoaldean gauzatuko da datozen hilabeteetan.

Gure eskualdeko lau udalek dei egin diete herritarrei establezimendu guztietan, eta batez ere, ziurtagiria dutenetan euskaraz egin dezaten. 

 

Eskuratu zure boletoa !!