Etxebizitza Bulegoa jarriko da martxan eskualdeko lau udalerrietan

Etxebizitzaren arloko informazioa, orientazioa eta izapideetarako laguntza modu gertukoan eskainiko duen zerbitzu ibiltaria izango da

Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean, Etxebizitza Bulegoa abian jarriko dute. Zerbitzu ibiltaria izango da, eta lau udalerrietako herritarrei etxebizitzaren arloko informazioa, orientazioa eta izapideetarako laguntza modu irisgarri, gertuko eta bateratuan eskaintzea izango du helburu.

 

Etxebizitza herritarren kezka nagusietako bat bihurtu da, bereziki gazteen eta egoera zaurgarrian dauden pertsonen artean. Etxebizitza eskuratzeko zailtasunen, alokairuaren prezioen igoeraren eta eskura dauden laguntza eta izapideen inguruko informazioaren aurrean, erantzun publiko koordinatua, eraginkorra eta gertukoa behar da. Testuinguru horretan sortu da Etxebizitza Bulegoa.

 

Informazioa eta orientazioa, leku berean

Oarsoaldeko Etxebizitza Bulegoa etxebizitzarekin lotutako zalantzak argitzeko eta behar den informazioa jasotzeko erreferentziazko gunea izango da. Administrazio publikoek eskaintzen dituzten programa, dirulaguntza, baliabide eta izapideei buruzko arreta argia, gertukoa, doakoa eta pertsonalizatua eskainiko du.

Bulegoko profesionalek pertsona bakoitzaren egoera eta beharrak aztertuko dituzte, eskura dituen aukerak azaldu eta jarraitu beharreko urratsen inguruko orientazioa emateko. Beharrezkoa denean, dagokion administrazio, erakunde edo zerbitzura bideratuko dute herritarra.

Besteak beste, honako gai hauei buruzko informazioa eta orientazioa eskainiko da:

 

  • Etxebide, Alokabide, Bizigune eta ASAP programak
  • Gaztelagun eta Emantzipa programak
  • Babes publikoko eta udal-etxebizitza tasatuak
  • Etxebizitza publiko eta pribatuen sustapenak
  • Alokairu publikoa eta pribatua
  • Etxebizitza hutsak alokairu-merkatura bideratzeko programak
  • Bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuei lotutako neurriak
  • Erabilera turistikoko etxebizitzen araudia
  • Kolektibo zaurgarriei zuzendutako laguntzak
  • Etxebizitzak birgaitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko laguntzak.

 

Herritar guztientzat

Bulegoa Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako herritar guztientzat egongo da zabalik. Babes ofizialeko etxebizitza bat erosi, saldu edo alokatu nahi dutenek, etxejabeek zein maizterrek, dirulaguntza, programa edo izapideei buruzko informazioa behar dutenek, edota etxebizitzarekin lotutako zalantza edo arazoren bat dutenek bertan aurkituko dute behar duten informazioa eta orientazioa.

 


 

 

Argazkian: Aitziber Zinkunegi - Etxebizitza Bulegoaren teknikaria-. 

 

Zerbitzu ibiltaria, zugandik gertu

Bulegoaren ezaugarri nagusietako bat zerbitzu ibiltaria izatea da. Horrela, informazioa eta arreta lau udalerrietara hurbilduko dira, herritarrek beren udalerrian bertan jaso ahal izan dezaten behar duten laguntza.

 

Arreta-guneak eta egunak hauek izango dira:

  • Errenteria: astelehena eta asteazkena | Madalen Kalea 3 
  • Lezo: osteguna | Lezoko udala, Gurutze Santuaren Plaza 1
  • Oiartzun: asteartea | Doneztebe Plaza 1
  • Pasaia: ostirala | Euskadi Etorbidea, merkatuko eraikina 


 

 

Etxebizitza Bulegora gerturatu nahi duen orok 943 344 160 telefono-zenbakira deitu edo etxebizitza@oarsoaldea.eus helbide elektronikora idatzi ahal izango du. Era berean, eskaerak Oarsoaldearen webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez egin ahal izango dira, hemen. 

Hitzordua hartu behar da aldez aurretik. Hitzordua eskatzeko arreta-ordutegia 09:00etatik 14:00etara izango da astelehenetik ostiralera. 


Oarsoaldea