Euskal dantzaren pausoak ikasiko dituzte Oarsoaldeko euskaltegietan

Euskal Herriko plaza eta jai giroan ohikoak diren euskal dantzen oinarrizko pausoak ikasteko aukera izango dute datozen egunotan Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleek. Axuri Beltza kultur elkarteko kideek eskainiko dituzte tailerrak, Mintzagun egitasmoaren baitan. 

Saioak maiatzaren 27tik ekainaren 4ra egingo dira eskualdeko bost euskaltegitan, eta parte-hartzaileek euskal dantzaren lehen urratsak modu praktiko eta hurbilean lantzeko aukera izango dute. Helburua ez da soilik dantza pauso batzuk ikastea; euskarazko bizipenak sustatzea eta ikasleek hizkuntza eguneroko eta kultur testuinguruetan erabiltzea ere bada egitasmoaren xede nagusietako bat. 

Mintzagun programa Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolatzen du, eta ikasturtean zehar hainbat gairen inguruko tailerrak eskaintzen dira eskualdeko euskaltegietan. Saioek ordu eta erdiko iraupena izan ohi dute, eta gai erakargarri eta gaurkotasunekoak euskaraz lantzea dute ardatz. 

Tailerren egutegia honakoa izango da: 

  • Maiatzak 27: Pasaiako Udal Euskaltegia (10:00-11:30)
  • Maiatzak 28: Xenpelar AEK, Errenteria (17:30-19:00)
  • Ekainak 2: Txirrita AEK, Pasai Antxo (10:00-11:30)
  • Ekainak 3: Intxixu AEK, Oiartzun (10:00-11:30)
  • Ekainak 4: Errenteriako Udal Euskaltegia (10:00-11:30) 

Oarsoaldea