EUSKARA SUSTATZEKO HELBURUAREKIN, OIHALEZKO POLTSAK ETA HIZTEGIAK BANATU DIRA FRUTA- ETA BARAZKI-DENDETAN
Euskararen presentzia sustatzeko aurtengo kanpaina amaitzeko, eskualdeko barazki eta fruta dendetan, fruta eramateko oihalezko poltsak eta irudidun hiztegitxoak banatu dira.
Bertako fruitua, euskara!
Urtero, merkataritza sektore jakin batekin lanketa berezia egin ohi da, eta, aurten, Oarsoaldeko barazki eta fruta dendei zuzendu zaie ekimena "Bertako fruitua, euskara!" lemapean. Guztira, 51 establezimenduk egin dute bat aurten kanpainarekin.
Hasteko, urteko ekintzetan parte hartuko duten establezimendu guztiei jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaraz jartzen lagundu zaie. Horretaz gain, barazki eta fruta dendetako hiztegia ere banatu zaie.
Halaber, maiatzaren bukaera eta ekainaren hasiera bitartean fruta eta barazki ohikoenak euskaraz nola esaten diren erakusten duen A2 neurriko poster bana banatu zitzaien sektoreko establezimenduei.
Azkenik, azaroan, barazki eta fruta dendetan euskaraz egiten duten bezeroei banatzeko fruta eramateko oihalezko poltsa eta irudidun hiztegitxo sorta bana eman zaio parte hartzen duen establezimendu bakoitzari. Poltsa eta hiztegitxo horiek aurtengo leloa daramate inprimatuta.
Gremioen lanketa kanpaina
Hogeita bederatzigarren urtea da jada, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla. Establezimendu horietan euskarak ahozko eta idatzizko presentzia handiagoa izatea du helburu egitasmoak. Horretarako, doako zerbitzu eskaintza egiten zaie (itzulpenak, maketazioa, hizkuntza-paisaia euskalduntzeko euskarriak, aholkularitza teknikoa…). Urtero, halaber, merkataritza sektore jakin batekin lanketa berezia egin ohi da, arestian azaldu bezala.