GURASO GARA! KANPAINAK FAMILIEN HIZKUNTZA-OHITUREI BURUZKO BIDEO BERRIA ESTREINATU DU

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Guraso Gara kanpainaren baitan bideo berria sortu du, gurasoen eta familien hizkuntza-ohiturei buruzko hausnarketa sustatzeko. Ekimen berri honen bidez, eskualdeko familien eguneroko errealitatea hobeto ezagutzea eta euskararen transmisioa indartzea bilatzen da.
Bideoan bost familia elkarrizketatu dira, haur eta helduen ikuspegitik, hauen hizkuntza-ohiturak eta bakoitzaren ikuspuntuak aztertzeko. Helburua da Oarsoaldeko familien hizkuntza-ohiturak ezagutzea, seme-alaben, gurasoen eta bikoteen arteko erabilerak ikustaraztea, eta familia mota ezberdinen errealitateak jasotzea. Era berean, pertsona eta egoera guztiak balioan jarri nahi dira, hizkuntza aniztasuna islatu eta euskararen erabilera indartzeko.
Guraso gara! egitasmoak urteak daramatza gurasoei eta familiei euskararen transmisioa errazteko baliabideak eskaintzen: aholku praktikoak, materialak eta gida pedagogikoak. Bideo berria beste pauso bat da, formatu erakargarri eta hurbil baten bidez mezu horiek zabaltzeko.