ILUNE: emakumeen gaueko mugikortasuna ezagutzeko eta hobekuntza-aukerak identifikatzeko egitasmoa

Emakumeek gauez mugitzeko dituzten ohiturak, beharrak eta oztopoak ezagutzea da ILUNE egitasmoaren abiapuntua, herritarren, erakundeen eta gizarte-eragileen arteko elkarlanaren bidez hobekuntza-proposamenak lantzeko.


Nola bizi dugu gaua gure herrietan? Non sentitzen gara seguru? Zein leku saihesten ditugu? Zerk baldintzatzen ditu gure ibilbideak? Zer hobetu beharko genuke?


Emakume askorentzat, gauez mugitzeak ibilbideak aldez aurretik planifikatzea, leku jakin batzuk saihestea edota ordutegiak eta planak aldatzea dakar. Errealitate hori hobeto ezagutzeko sortu da ILUNE, Gipuzkoako emakumeen gaueko mugikortasuna aztertzeko ikerketa-egitasmoa.


Egitasmoaren helburua da emakumeen eguneroko esperientziak aztertzea eta hirigintzaren, espazio publikoaren eta garraioaren esparruetan dauden hobekuntza-aukerak identifikatzea.


Entzutetik hobekuntza-proposamenak lantzera


Egitasmoak emakumeen bizipenak, pertzepzioak eta beharrak jasoko ditu, entzuteko saioen, elkarlanerako dinamiken eta gaueko ibilbideen bidez.

Lanketa lau fasetan garatuko da:

 

  • Egungo mugikortasunaren egoera aztertzea.
  • Emakumeen esperientziak eta beharrak jasotzea.
  • Hobekuntza-proposamenak elkarlanean lantzea.
  • Proposatutako neurrien bideragarritasuna aztertzea.


Lankidetzan garatutako egitasmoa


Euskal Herriko Unibertsitateko CAVIAR ikerketa-taldeak gidatutako egitasmoan Hiri Berrikuntza Integratuak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak ere parte hartzen dute, kolektibo feministekin, emakumeen sareekin eta beste gizarte-eragile batzuekin batera.


Egitasmoa 2026ko uztailetik 2027ko irailera bitartean garatuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Taldean 2026 programaren finantzaketarekin.


Zure esperientzia ere ezagutu nahi dugu


Errenterian, Lezon, Oiartzunen eta Pasaian gauez mugitzeko dituzun esperientziak partekatu nahi dituzu? Segurtasunik eza eragiten dizun lekuren bat identifikatu duzu? Hobekuntzarako proposamenik duzu?


Herritarren ekarpenak baliagarriak izango dira egungo egoera hobeto ezagutzeko eta dauden beharrei erantzuteko aukerak aztertzeko.
Egitasmoari buruzko informazio guztia eta ekarpenak egiteko formularioa

www.ilune.eus webgunean daude eskuragarri.

 

Harremanetarako:
ilune@oarsoaldea.eus
943 494 129