LISTORRETA-BARRENGOLOIAKO INFORMAZIO PUNTUAK ATEAK ZABALDUKO DITU UZTAILAREN 2AN: AIAKO HARRIA MODU JASANGARRIAN EZAGUTZEKO EZINBESTEKO GERALEKUA
Uztailaren 2tik urriaren 12ra arte, Errenteriako Udalak, Oarsoaldeko Garapen Agentziak eta Behemendi Elkarteak berriro jarriko dituzte martxan Listorreta-Barrengoloiako informazio puntua eta zaintza zerbitzua. Aiako Harria Parke Naturalaren eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) sarbide nagusienetako batean kokatuta, Natura 2000 Sarearen barruan, gune honek bisitariei harrera egin eta gure ingurune naturala eta ondarea modu jasangarrian ezagutzeko aukera eskainiko du.
Aurten ere, informazio puntuak eskaintza zabala jarriko du herritarren eta bisitarien eskura. Bertako lantaldeak mendi-ibilbide homologatuei, Añarbeko Eboluzio Naturaleko Eremuko baso-erreserbari, mendiko hezeguneei, faunari, florari eta inguruko ondare megalitiko aberatsari buruzko argibideak emango ditu, besteak beste. Horrez gain, orientazio-ibilbideei edota uda sasoian inguruan egingo diren doako bisita gidatuei buruzko informazioa ere eskainiko da.
Aizpitarteko haitzuloei dagokienez, gogorarazten da barnealdeko sarbidea itxita dagoela bertako labar-arteko grabatu baliotsuak babesteko. Altxor arkeologiko honen garrantzia eta historia ezagutzeko modurik onena Listorreta-Barrengoloiako informazio puntura gerturatzea da.
Ingurune honekin eta gure historiaurreko ondarearekin modu ezberdinean konektatzeko aukera berri gisa, Temporal Explorers enpresak aire zabaleko escape room bat garatu du Listorreta-Barrengoloiako eremuan. "Historiaurreko sua" izeneko esperientzia honek bisitariak Paleolitikoan murgiltzen ditu joko eta asmakizunen bidez. Ordainpeko jarduera bat da (15€ pertsonako), eta inguruaz gozatzeko esperientzia dibertigarria da. Honen inguruko xehetasun gehiago nahi izanez gero, informazio puntuan bertan galdetu daiteke, edota www.temporalexplorers.com webgunea bisitatu.
Listorreta-Barrengoloia Gipuzkoako aisialdi-gune garrantzitsuenetako bat bihurtu da eta hau bisitatzen duten pertsonek natura errespetatzea eta erabilera arauak betetzea biziki garrantzitsua da, guztion artean eremu honen jasangarritasuna bermatzeko. Informazio puntutik erabilera araudia betearaztearen garrantzia azpimarratuko zaie bisitariei. Puntu honen lana osatzeko, zaintza agentea ibiliko da aisialdi-gunean zehar, bisitariei bertako arauak azaldu, gogoratu eta gunea zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko.
INFORMAZIO PUNTUAREN ORDUTEGIA
- Uztailaren 2tik urriaren 12ra arte.
- Ostegunetan: 8:30etik 14:00etara. Ostiral, larunbat, igande eta jai egunetan: 8:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:30era.
ZAINTZA AGENTEA
- Uztailaren 4tik irailaren 20ra arte
- Larunbat, igande eta jai egunetan: 11:00etatik 19:00tara.
INFORMAZIO GEHIAGO
Errenteriako Turismo Bulegoa
Tel.: 943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus