Manresako Udaleko ordezkaritza batek Oarsoaldeko tokiko garapen proiektuak ezagutuko ditu

Kataluniako udaleko ordezkari politikoek eta teknikariek Oarsoaldea bisitatuko dute uztailaren 2an eta 3an, beren garapen ekonomiko eta merkataritza estrategiarako erreferentetzat hartu dituzten hainbat ekimen bertatik bertara ezagutzeko. 

Uztailaren 2an eta 3an, Manresako Udaleko erakunde ordezkaritza eta tekniko batek Oarsoaldea bisitatuko du, eskualdean garatutako hainbat proiektu bertatik bertara ezagutzeko. Bisitaren helburua da garapen lokalaren, merkataritzaren eta lurraldearen dinamizazioaren arloan Oarsoaldean martxan dauden ekimenak ezagutzea eta esperientziak partekatzea. 

Bisita Manresako Udalaren ekimenez antolatu da. Izan ere, udal katalanak garapen ekonomiko eta tokiko merkataritza indartzeko estrategia berri bat lantzen ari da, eta prozesu horretan Oarsoaldean garatutako hainbat proiektu jardunbide egokien adibidetzat hartu ditu. 

Manresako Udalak helarazitakoaren arabera, Oarsoaldean sortutako ezagutza eta esperientzia baliagarriak izan daitezke beren taldearentzat eta etorkizuneko estrategia diseinatzeko. Horregatik, bi lurraldeen arteko ezagutza-trukea sustatzeko asmoz antolatu dute bisita. 

Bi eguneko egonaldian, ordezkaritzak Pasaiako badia eta Albaola Itsas Kultur Faktoria ezagutuko ditu, eta, horrez gain, Agustinak Zentroa eta Lekuona Fabrika bisitatuko ditu. 

Ordezkaritza Manresako Udaleko hainbat arlotako ordezkari politiko eta teknikariek osatuko dute, besteak beste, garapen ekonomikoaren, enpleguaren, plangintza estrategikoaren eta merkataritzaren arloetako arduradunek. 

Bisita honek erakusten du Oarsoaldean garatutako proiektuek beste lurralde batzuetan pizten duten interesa, eta ezagutza partekatzeko eta administrazioen arteko lankidetza sustatzeko aukera eskaintzen du. 


Oarsoaldea