MerkaEkin 2026 laguntzak zabalik daude merkataritza-ekintzailetza sustatzeko
Tokiko merkataritza indartzeko eta ekintzailetza sustatzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak MerkaEkin 2026 laguntza-programaren deialdia argitaratu du. Laguntza hauek merkataritza-proiektu berriak martxan jartzea, dagoeneko martxan dauden negozioak dibertsifikatzea eta belaunaldi-erreleboa zein negozioen jarraipena erraztea dute xede, herrietako jarduera ekonomikoa eta gertuko merkataritza sare bizia sendotzen lagunduz.
Laguntzak bi ildotan banatzen dira:
Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza
Negozio-plan bat garatzeko aholkularitza teknikoa finantzatzen du. Laguntza honen bidez, ekintzaileek beren negozio-ideia heldu eta bideragarritasun azterketa egiteko aukera izango dute.
Dirulaguntzak onartutako gastuaren %80 estaltzen du, gehienez 5.000 euroraino, eta gutxienez 25 aholkularitza-ordu jaso beharko dira.
Merkataritza-Ekintzaile Ekin+
Negozio berriak martxan jartzeko edo jarduera berriak garatzeko beharrezkoak diren inbertsioak eta gastuak finantzatzeko laguntzak dira.
Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen artean daude:
- Merkataritza-lokalaren egokitzapena eta instalazio teknikoak.
- Altzariak eta ekipamendua.
- Makineria espezializatua.
- Teknologia eta digitalizazioarekin lotutako ekipamenduak.
- Ibilgailuak erostea.
- Negozio-eskualdatze eskubideak.
Era berean, gastu hauek ere lagundu daitezke:
- Eraketa-gastuak.
- Lokalari lotutako gastuak.
- Marketin eta sustapen jarduerak.
- Prestakuntza espezializatua.
- Negozioa garatzeko azterketa estrategikoak.
- Leasing, renting eta ibilgailuen alokairua.
Inbertsioetarako laguntzak gehienez 25.000 eurokoak izan daitezke, eta gastuetarako laguntzak gehienez 7.500 eurokoak.
Norentzat dira laguntzak?
Laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako kaleko merkataritza-establezimenduei zuzenduta daude, besteak beste:
- Elikadura eta edarien txikizkako merkataritza.
- Elikaduraz bestelako produktuen txikizkako merkataritza.
- Merkataritza mistoa edo integratua.
- Etxerako gai elektrikoen eta bestelako kontsumo-ondasunen konponketa.
- Zerbitzu pertsonalak.
Gauzatzea: 2026/01/01etik 2026/12/31ra, biak barne.
Eskaerak aurkezteko epea
Eskabideak 2026ko irailaren 15era aurkeztu ahal izango dira, edo aurrekontua agortu arte.
Laguntzak eskabideak jasotzen diren hurrenkeran emango dira; beraz, interesa duten pertsonei eta enpresei eskaera lehenbailehen egitea gomendatzen zaie.
Informazio gehiago
Laguntzen oinarriak eta eskaera egiteko informazio guztia Eusko Jaurlaritzaren webgunean kontsulta daiteke:
MerkaEkin 2026 merkataritza-ekintzailetzarako laguntzen deialdia - Eusko Jaurlaritza