Euskarazko film laburrak Oarsoaldeko lau herrietara iritsiko dira Mintzagun sariaren eskutik

IKUSKA jaialdiko euskarazko sei film labur ikusteko aukera izango da Errenterian, Lezon, Oiartzunen eta Pasaian. Eskualdeko euskaltegietako ikasleek aukeratuko dute aurtengo Mintzagun sariaren irabazlea.


Euskarazko zinemak hitzordu berria izango du Oarsoaldean. IKUSKA jaialdiaren baitan, Mintzagun sarirako hautagai diren sei film labur proiektatuko dira eskualdeko hainbat aretotan. Emanaldiek euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza herritarrengana hurbiltzea dute helburu, baita euskara ikasten ari direnei hizkuntza erabiltzeko eta euskarazko kulturaz gozatzeko aukera berriak eskaintzea ere.


Aurten, “700”, “Buelta eta buelta”, “Etxaldea”, “Ispilua zeharkatuz”, “Ultramarino” eta “Zezena eta umea” film laburrak izango dira ikusgai. Eskualdeko euskaltegietako ikasleek izango dute azken hitza, euren botoen bidez aukeratuko baitute euskarazko film labur onenaren Mintzagun saria jasoko duen lana.


Emanaldiak eskualdeko lau herrietan


Euskaltegietako ikasleei zuzendutako emanaldiak azaroaren 16an egingo dira, 10:00etan, Errenteriako Niessen aretoan, eta azaroaren 18an, ordu berean, Trintxerpeko alkateordetzako aretoan.


Horrez gain, herritar guztiei irekitako bi emanaldi antolatu dira:

  •  Azaroaren 17an, 19:00etan: Lezoko Gezala aretoan, Lezoko Zinema Ttikia elkartearen laguntzarekin.
  • Azaroaren 18an, 17:30ean: Oiartzungo Landetxe aretoan.


Gazteek ere izango dute euskarazko zinemaz gozatzeko aukera. Azaroaren 19an, 12:45ean, Lezoko Institutuko ikasleentzako emanaldi berezia egingo da Gezala aretoan, Lezoko Zinema Ttikia eta Euskara Talaia elkarteen laguntzarekin.


Euskara, zinema eta parte-hartzea uztartzen dituen ekimena


Mintzagun saria 2012an sortu zuten Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez. Ordutik, ekimenak euskararen erabilera sustatzea eta euskara ikasten ari diren herritarrei hizkuntzarekin harremanetan jartzeko espazio berriak eskaintzea izan du helburu.


Urtez urte, zinemaren bidez euskara ikasgeletatik atera eta kulturaren eta herritarren parte-hartzearen eremura eramateko aukera eskaintzen du Mintzagun sariak.