Enpresagintzak eta Agustinak Zentroak lankidetza hitzarmena sinatu dute Kultura eta Sormen industrien esparruan ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzeko

Akordioak gazteen talentu ekintzailea, berrikuntza, proiektu berrien inkubazioa  eta lurraldeko Kultura eta Sormen industriaren ekosistemaren arteko lotura indartzea du helburu. Lankidetzaren lehen emaitzetako bat 2026ko irailean egingo den Hackathon KSI (Kultura eta Sormen Industria) ekimena izango da.


Agustinak Zentroak eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute kultura eta sormen sektoreko gazteen talentu ekintzailea eta lurraldeko ekosistema kultural eta sortzailearen arteko lotura indartzeko.


Akordioaren bidez, Oarsoaldeak, Agustinak Zentroa proiektu estrategikoaren bitartez, eta Enpresagintzak, bereziki Mondragon Team Academy (MTA-LEINN) ekintzailetasun unitatearen bidez, berrikuntza, ekintzailetza, ikerketa eta prestakuntza arloetan elkarlanean aritzeko konpromisoa berretsi dute.


Talentua eta lurraldea konektatzeko aliantza


Hitzarmenak azken urteotan bi erakundeek garatutako lankidetza sendotzen du, eta kultura eta sormen industrien garapenarekin lotutako ekimenak modu egonkorrean sustatzeko esparrua ezartzen du. Era berean, unibertsitatearen eta lurraldeko eragileen arteko loturak indartzea du helburu, ezagutza, gazteen talentu ekintzailea, berrikuntza eta ikerketa cultura  kultura eta sormen sektorearen zerbitzura jarriz.


Lankidetzari esker, proiektuen inkubazioarekin, ikerketa aplikatuarekin eta ezagutzaren transferentziarekin lotutako ekimen bateratuak garatuko dira. Horren bidez, Kultura eta Sormen Industriei lotutako enpresa-ekimen berriak sortu, sendotu eta lurraldeko ehun ekonomiko eta sortzailearekin konektatzea sustatuko da.


Hitzarmenak, halaber, ikasleei nahiz sektoreko profesionalei zuzendutako prestakuntza-programak diseinatzea, adituen arteko trukea bultzatzea eta interes komuneko proiektu eta deialdietan lankidetzarako aukera berriak elkarrekin identifikatzea aurreikusten du.

 

Hackathon KSI, lankidetzaren lehen emaitzetako bat


Lankidetza-esparru horren barruan garatuko da "Hackathon KSI: Berrikuntza eta Iraunkortasuna Kultura eta Sormen Sektorean" ekimena, 2026ko irailean Agustinak Zentroan egingo dena.


Mondragon Team Academy (MTA-LEINN) eta Agustinak Zentroak elkarlanean sustatutako proiektu hau SPRIren "Erronka 2030" programaren laguntzarekin garatuko da, eta kultura eta sormen sektoreko eragileak eta ikasle ekintzaileak bilduko ditu benetako erronkei erantzun berritzaileak emateko.


LEINN graduko diziplina anitzeko taldeek kultura eta sormen sektoreko profesionalekin batera lan egingo dute hainbat erronka estrategikoren inguruan, besteak beste, eragileen arteko lankidetza sustatzea, digitalizazio arduratsua bultzatzea, sektorearen profesionalizazioa indartzea eta kultur proiektuen nazioarteko proiekzioa handitzea.


Gainera, Hackathonak Enpresagintzako ikasleen, Agustinak Zentroko egoiliar diren proiektuen, ekintzaileen eta lurraldeko enpresen arteko lankidetza zuzena sustatuko du, sektoreko benetako erronken inguruan elkarlanerako gune bat sortuz.


Lankidetza honen bidez, Enpresagintzak eta Agustinak Zentroak ekintzailetzan eta berrikuntzan duten esperientzia eta kultura eta sormen sektorearen dinamizazioan duten egitekoa uztartuko dira.


Helburu nagusia kultura eta sormen industrietan jarduten duten erakunde, profesional eta enpresek gazteen talentuarekin harreman zuzena izatea da, berrikuntza-prozesuak sustatuz, proiektu berrien sorrera bultzatuz eta sektorearen erronka nagusiei erantzuteko gaitasuna indartuz. 


Lehen ekimen honetatik harago, hitzarmenak epe luzerako lankidetza-esparru bat ezartzen du ekintzailetza, berrikuntza, prestakuntza, inkubazioa eta ikerketa aplikatua sustatzeko ekintza berriak bultzatzeko. Horrela, Agustinak Zentroa Oarsoaldean eta inguruan Kultura eta Sormen Industriak garatzeko erreferentziazko gune gisa sendotzen lagunduko du.


Aldi berean, horrelako ekimenek gazteei benetako proiektuetan parte hartzeko aukera eskaintzen diete, sormena, lankidetza eta ekintzailetza sustatuz eta lurraldearekiko lotura indartuz. Ildo horretan, ekimenak Agenda 2030aren helburuekin bat egiten du, talentu ekintzaile gazteaaren garapena, berrikuntza eta komunitatearen ongizatea sustatuz.


Oarsoaldea