OARSO-SARE egitasmoa, Berritzelan Sareak jardun eredugarritzat hautatua

OARSOLAN zentroa ireki zenetik urte eta erdi igaro den honetan, Oarsoaldea eskualdean 2.300 pertsona baino gehiago artatu dira enplegu eta inklusio arloan, eta aldi berean, berrikuntza soziala sustatzeko lanean jarraitu dugu. Testuinguru horretan kokatzen da Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 2024an abiarazitako Berritzelan Sarea, enplegurako eta gizarteratzeko berrikuntzaren inguruan Euskadi osoko 60 erakunde ingururen lana biltzen duen ekosistema trinkoa. 

Aurreko urtean sareak lau jardun-eredu berritzaileren artean Oarsoaldeak diseinatu eta esperimentatu zuen W Egitasmoa aukeratu zuen; paperik gabeko pertsonen erregularizazio-prozesuak erraztea zuen xede. Aurten, berriz, gure eskualdeko beste ekimen bat nabarmendu dute:  OARSO-SARE, gobernantza partekatuan eta lankidetza sare sendo batean oinarritutako egitasmo integrala. 

Aurtengo Berritzelan Sarearen koadernoak sareko esperientzia berritzaileen bilduma jasoko du, eta bertan sartuko da Oarsoaldeak sustatutako OARSO-SARE; koadernoa abenduaren 17an aurkeztuko da, Gasteizen ospatuko den Berritzelan Sarearen II. Topaketan. 

 

OARSO-SARE: gizarteratzearen eta laneratzearen aldeko sare ehundua 

OARSO-SARE 2023 eta 2024 urteetan abian jarri genuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin -finantzaketaren %85a- eta bertan parte hartzen duten erakundeen laguntzarekin (%15), gobernantza partekatuan oinarritutako ikuspegi berritzaile baten barruan.  

Helburua argia izan da hasieratik: arreta berezia behar duten langabetuei, egoera zaurgarrian daudenei, lan munduan txertatzeko aukerak zabaltzea, eta horretarako eskualdeko inklusio-sareak osatzen duten hamar erakunderen jakintza, esperientzia eta konpromisoa elkar lotu ditugu. 

Egitasmoa eskualdeko 10 erakunderen arteko elkarlanean gauzatu da: 

Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxea; KL Katealegaia; Zabalduz Koop.; Peñascal Koop.; Secretariado Gitano Fundazioa; Emplea Fundazioa; Fondo Formación Fundazioa; Fundación Adecco; Sos Arrazakeria eta Oarsoaldea Garapen Agentzia bera. 

Ibilbideak eta elkarguneak 

Egitasmoaren muina 5 ibilbide profesional espezifikotan ardaztu da, zaintza, industria eta merkataritza sektoreetan. Ibilbide horien bidez, 70 pertsonaren enplegagarritasuna indartu da, ikuspegi integrala oinarri hartuta: formazioa (espezifikoa eta trasbertsala), banakako laguntza, enpresa-prospekzioa eta parte-hartze bekak uztartuta.  

Bestalde, pertsonen eta enpresen artean zubiak eraikitzearren, 5 topaketa sektorial antolatu dira, eta bertan 115 pertsonak eta 45 enpresak hartu dute parte; harreman zuzenak, elkarrizketak eta kontratazio aukerak sortaraziz. 

Emaitzak eta eragin eraldatzailea 

Egitasmoak berebiziko emaitzak utzi ditu bai zenbakietan, bai kalitate-adierazleetan: 

  • 70 pertsonen enplegagarritasuna indartu da. 
  • 61 pertsonak amaitu dute ibilbide osoa eta ia erdiek lana aurkitu dute, 28 pertsonek zehazki.  
  • 24 enpresak hartu dute parte zuzen-zuzenean langabetu horien lan egoera hobetzeko prozesuan. 
  • 115 pertsona eta 45 enpresek parte hartu dute antolaturiko 5 topaketa sektorialetan. 
  • Inklusio-sareko erakundeen artean, lankidetza eta konfiantza giro iraunkorragoa sendotu da. 

Zergatik berritzailea? 

OARSO-SAREren berrikuntza nagusia gobernantza kolaboratiboan datza. Egitasmoa ez da erakunde bakar baten proposamena: eskualdeko inklusio-sarearen baitako hausnarketa kolektibotik sortu da, erakundeek egunerokoan atzemandako zailtasun eta aukeretatik abiatuta. Hortik eratorri dira ko-diseinatu diren 4 azpi-proiektuak, zeinak elkarrekin exekutatu diren eragile ugariren eskutik. 

Berritzelan Topaketa: Oarsoaldearentzako aukera  

Berritzelan Sarearen II. Topaketan parte hartzea aukera paregabea da Oarsoaldearen egitasmo berritzaileak Euskadi mailan aitortuak izateko, lankidetza-sareak sendotzeko eta etorkizuneko gizarteratze eta laneratze politikak ikuspegi eraginkor eta berritzaileago baten bidez gidatzen jarraitzeko.