OARSOALDEA GARAPEN AGENTZIAK ENPATIKONOMIA, ENPRESENTZAKO JARDUNALDIA, EGINGO DU MARTXOAREN 13AN

Ingurua eta ingurukoak kontuan hartzen dituen ekonomia inklusiboa da enpatikonomia eta ardatz hori hartuta, datorren martxoaren 13an, ostiralez, Oarsoaldea Garapen Agentziak antolatutako enpresei zuzendutako jardunaldia egingo da Errenteriako Agustinak Zentroan. 

Enpatikonomiak jarduera ekonomikoaren inguruko pertsonen eta errealitatearen zaintza negoziorako aldagaien artean sartzen ditu, haiekiko enpatiaz eta ez apatiaz jardunez. Izan ere, gure inguruko pertsonak eta errealitatea ongi egoteak eta ongi sentitzeak gure negozioan eragin positiboa dauka, dudarik gabe. 

 

Enpatikonomia jardunaldiak aurten euskara, lanean/enpresan eta komunitatean errotzeko tresna eta bide gisa jorratuko du.

 

1960-1970eko hamarkadetan gertatu zen bezala, atzerriko herritarrak etortzen ari dira gurera lanera eta bizitzera. Itxura guztien arabera, etorriko direnen kopurua handituz joango da urtez urte eta horrek gure gizarteko egituretan eta enpresetan aldaketak eragingo ditu. Herritar berrien multzo handi hori euskararentzat ere arriskua eta erronka izango da. Pertsona horiek guztiak gizartean eta enpresetan txertatzeko euskara aldagai giltzarria izan daitekeela aztertuko da jardunaldian. Gaztelania ikasiko dute, baina gaztelaniarekin beste herrialdetara joan daitezke hemen hilabete batzuk egin ondotik. Euskaraz ikasten badute, ordea, talentu hori bertan atxikitzeko, herritar berriak izateko aukerak handitzen direla uste dute antolatzaileek.

 

Enpresentzako adibideak, eredu baliagarriak eta praktika onak erakutsiz, hausnarketarako eduki interesgarriak euskaraz jorratzen dituen elkartrukerako aukera izango da. 

 

Jardunaldiaren antolakuntzan honako erakunde hauek ere hartu dute parte SPRI-Indeus-ek (Industriaren Euskal Plataforma), Bai Euskarari Elkarteak, Eitb-k, Iametzak eta Ahize AEK-k. 

 

Jardunaldia martxoaren 13an, ostiralez, izango da, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 13:45era, Errenteriako Agustinak Zentroan. Jardunaldia doakoa izango da eta gaian interesa daukaten enpresa guztientzat irekia da. Gorde ezazu eguna zure agendan!

 

EGITARAUA ETA HIZLARIEN INGURUKO INFORMAZIOA

 


enpatikonomia.oarsoaldea.eus


Oarsoaldea