Oarsoaldea pausoz betetzeko erronka berria martxan da

Maiatz honetan Oarsoaldeko kaleak berriro ere pausoz beteko dira. Oiartzun, Lezo, Errenteria eta Pasaiako udalek herritarrak II. Mugiment Pausu Erronkan parte hartzera animatu dituzte, egunerokoan gehiago mugitu eta ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin.


Eusko Jaurlaritzaren Mugiment programa

Eusko Jaurlaritzaren Mugiment programaren baitan antolatutako ekimenak Euskadi osoko 56 udalerri bilduko ditu aurten. Erronka maiatzaren 11tik 31ra egingo da, eta helburua argia da: herritarrek ahalik eta pauso gehien ematea, jarduera fisikoa sustatzeko eta ongizate fisiko zein emozionala hobetzeko.

 

Pauso txikiak, ongizate handia

Lau udalerrietako kirol arduradun politikoek Lezon aurkeztu dute ekimena-Edorta Fernández (Oiartzungo kirol zinegotzia), Eneritz Arruti (Lezoko kirol zinegotzia), Leire Mazizior (Errenteriako kirol zinegotzia) eta Julen Rodríguez (Pasaiako kirol zinegotzia)-, eta nabarmendu dute herritarrak aktibo mantentzeko edozein ekimen garrantzitsua dela. Azaldu dutenez, erronka hau urte osoan zehar sustatzen dituzten jarduera fisikoko ekimenen osagarri izango da.


Mugitu zaitez, batu erronkara

Erronka Wellk mugikorreko aplikazioaren bidez egingo da. Parte-hartzaile bakoitzak bere udalerriko taldean parte hartu ahal izango du, eta denbora errealean ikusi ahal izango dira bai banakako bai taldekako sailkapenak. Gainera, hainbat sari banatuko dira parte-hartzaileen artean. Beste norbaitekin ibiltzera bazoaz, euskaraz aritzeko edo praktikatzeko une egokia ere izan daiteke. 

 

Nola parte hartu?


Parte hartzeko, beharrezkoa izango da Wellk aplikazioa Android edo iOS gailuetan deskargatzea, izena ematea eta “Mugiment Pausu Erronka” atalean dagokion udalerriko taldera batzea.

 

 


Pausuak automatikoki zenbatuko dira eguneroko jardueran zehar.


1. App-a deskargatu: Wellk aplikazioa instalatu Android edo iOS gailuetan.
2. App-an izena eman
3. Talde batera batu: Hasiera orrian "Mugiment Pauso Erronka" >Taldeak> zure udalerria aukeratu.

Pausoak erregistratu: zure eguneroko jardueran pausoak automatikoki kontatuko dira.Horretarako hemen argibideak sinkronizazioak egiteko: https://wellk.eus/instruccionespausu/

Izen-ematea zabalik dago jada.


 

Sariak

Banakako sariak

75 euroko opari-txartelak emakume eta gizon parte-hartzaile aktiboenentzat, desgaitasuna duten pertsonentzako kategoria bereziarekin.

Taldekako sariak

Udalerri bakoitzeko batez besteko pauso kopurua hartuko da kontuan. Pauso gehien eman dituzten bost herritarrek saria jasoko dute, eta beste bost sari zozketatuko dira taldeko partaideen artean.

Parte-hartzaile gehien dituen udalerriaren saria

30 euroko bost opari-txartel zozketatuko dira udalerri irabazleko parte-hartzaileen artean.

Informazio gehiago eta laguntza teknikoa:

Emaila: wellk@wellk.eus
Kontaktua: https://wellk.eus/equipo/#contacto
Instagram: @wellk_app

 

Elkarrekin gehiago mugitzen gara!