OARSOALDEAK ABIAN JARRI DU BERPIZTU TALENTU TEKNOLOGIKOA ETA DIGITALA PROGRAMA
• Proiektuaren helburua talentua babestea da, beraien enplegagarritasuna hobetuz, baita enpresen erronka zein beharrizan teknologiko eta digitalei erantzutea ere. • Guztira 28 laguntza emango zaizkie Oarsoaldeko enpresei, 7000 euroko balioarekin, pertsonak erakartzeko, prestatzeko eta kontratatzeko hainbat fase barne hartzen duen programa baterako.

Oarsoaldeko Garapen Agentziak Berpiztu Talentu Teknologiko eta Digitala programa bultzatuko du datozen hilabeteetan. Proiektuaren helburu nagusia eskualdeko enpresen erronka eta behar teknologiko eta digitalei erantzutea da, pertsonak prestatuz, eta haien kontratazioa eta lan-merkatuan sartzea erraztuz. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren Berpiztu programaren barruan dago, eta guztira 196.000€ bideratuko dira horretara.
Talentu Teknologikoa eta Digitala programak hainbat fase izango ditu, eta hainbat gizarte-eragile lotuko ditu, guztien arteko lankidetza sustatuz: alde batetik, tituludunak eta titulatu berriak; bestetik, Lanbide Heziketako Zentroak, Unibertsitateak eta bestelako eragile adituak; eta, azkenik, Oarsoaldea eskualdeko enpresak.
Lehen fasea dagoeneko abian da, eta erronka eta behar teknologiko eta digitalei erantzuteko prest dauden eskualdeko enpresak identifikatzen saiatuko da.
Ondoren, bigarren fase batean –2022ko martxoa/apirila–, Lanbide Heziketako edo Unibertsitateko ikasketak amaituta dituzten pertsonekin erakartze/matching bat egingo da, proiektuak garatzeko eta enpresen beharrei erantzuteko. Hirugarren fasean aldiz, – 2020ko maiatza/uztaila – zeharkako gaitasunei eta eraldaketa digitalari buruzko prestakuntza emango zaie hautatuak izan diren pertsonei.
Laugarren fasean – 2022ko abuztua/2023ko maiatza –, enpresek parte-hartzaileak kontratatuko dituzte planteatutako proiektua garatzeko. Guztira, 28 laguntza emango dira, bakoitza 7000 eurokoa. Azkenik, programa amaitzeko, proiektuak aurkeztuko dira eta pertsonak enpresan egindako lana baloratuko da.
Programan parte hartu nahi duten edo informazio osagarriren bat behar duten enpresak/pertsonak 943 494 129 telefonora deitzera gonbidatu nahi ditu Miguel Angel Sánchezek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidenteak (astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara) edo helbide honetara idatziz: dmunoz@oarsoaldea.eus edo jfino@oarsoaldea.eus (David Muñoz eta Joseba Finó).