OARSOALDEAK ETA GIPUZKOAKO GAINERAKO GARAPEN AGENTZIEK ENERGIA-TRANTSIZIOA BULTZATZEKO LANKIDETZA HITZARMENA BERRITU DUTE

Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Gipuzkoako gainerako garapen agentziek lankidetza hitzarmen berria sinatu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, 2026-2027 aldian energia-trantsizioaren arloan hainbat ekintza estrategiko garatzeko. Hitzarmenaren bidez, azken urteotan egindako elkarlanari jarraipena emateaz gain, datozen urteetako erronkei modu koordinatuan erantzuteko oinarriak ezarri dira. 

Sinadura ekitaldian izan dira José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua eta Gipuzkoako garapen agentzietako ordezkariak: Patxi Ibarguren (Beterri Buruntza), Nuria Alzaga (Bidasoa Activa), Amagoia Paskual (Debegesa), Dorleta Elkorobarrutia (Debagoiena), Adur Ezenarro (Goieki), Ana Azkoitia (Iraurgi Berritzen), Joana Mendiburu (Oiartzungo alkatea eta Oarsoaldea Garapen Agentziako kontseilaria), Andu Martínez de Rituerto (Tolosaldea Garatzen), Jon Luqui (UGGASA) eta Ion Arozena (Urola Kosta). 

Oarsoaldea Garapen Agentziarentzat hitzarmen hau bat dator prestatzen ari den 2025-2035 Plan Estrategikoarekin. Irailean onartzea aurreikusten den plan berriak eraldaketa energetikoa datozen urteetako lehentasun estrategikoetako bat izango dela jasotzen du, eskualdean energia-eredu bidezkoago eta eraginkorrago baten alde egiteko. 

Energia-trantsizioa herritarren, enpresen eta erakundeen arteko lankidetzatik eraiki behar dela azpimarratu dute, eta Europatik, Estatutik zein Euskaditik energia-eraginkortasuna eta deskarbonizazioa bultzatzeko egiten ari diren apustuek are garrantzitsuago bihurtzen dutela gaur berritu den lankidetza. 

 


 

Energia Bulegoaren emaitza positiboak 

Azken urteetako esperientziak erakutsi du lankidetza horrek emaitza esanguratsuak eman dituela. Oarsoaldeako Energia Bulegoak, 2021ean martxan jarri zenetik, 1.000 kontsulta baino gehiago artatu ditu. Zerbitzua erabili duten familiek, batez beste, hilean 20 euro aurreztu dituzte argindarraren fakturan eta ia 400 euro urtean gasaren fakturan. 

Datu horiek erakusten dute energia-trantsizioa ez dela etorkizuneko erronka soil bat, baizik eta herritarren eguneroko bizi-kalitatean eragin zuzena duen errealitatea. 

 


 

2026-2027 aldirako ekintza nagusiak 

Hitzarmen berriaren bidez, datozen bi urteetan hainbat jarduera estrategiko garatuko dira Oarsoaldean. Horien artean daude: 

  • Eskualdeko Energia eta Klima Plan berria prestatzea, datozen urteetako erronkei ikuspegi partekatu batetik erantzuteko. 
  • Energia-pobreziaren egoera aztertzea, diagnostikoa osatzea eta arlo honetan lanean ari diren eragileekin batera irtenbide eraginkorrak garatzea. 
  • Hirugarren sektoreko mugikortasunaren energia-eraginkortasuna lantzea, eskualde mailako azken kilometroko banaketa jasangarri baterako aukerak aztertuz. 
  • 50/50 programa garatzen jarraitzea, ikastetxeetako haur eta gazteen artean energia-aurrezpena eta jasangarritasuna sustatzeko. 

Ekimen horien guztien helburua da trantsizio energetikoa bidezkoa izatea, inor atzean utzi gabe, herritarren bizi-kalitatea hobetuz, enpresen lehiakortasuna indartuz eta Oarsoaldea etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest dagoen eskualde gisa sendotuz. 

Gaur sinatutako hitzarmenak erakundeen arteko lankidetza eta eskualde ikuspegia indartzen ditu, energia-trantsizioaren erronkari modu koordinatu, eraginkor eta bidezkoan erantzuteko. 


Oarsoaldea