Oarsoaldeak hiru prestakuntza-ikastaro eskainiko dizkie turismoko eragileei azaroan, Talentur programaren baitan

Adimen artifiziala, marketin inklusiboa eta turismo-jasangarritasuna izango dira azaroan eskainiko diren hiru saioen ardatzak

Oarsoaldeko turismo-sektoreko profesionalek hiru prestakuntza-ikastarotan parte hartzeko aukera izango dute azaroan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Talentur programaren baitan. Oarsoaldeko Turismo Sailak antolatutako saioek sektoreko profesionalen eguneroko jardunerako baliagarriak diren tresnak eta ezagutzak eskainiko dituzte, adimen artifiziala, marketin inklusiboa eta jasangarritasuna ardatz hartuta.

Lehenengo ikastaroa azaroaren 4an izango da, 10:00etatik 11:30era, eta “Marketineko zure klon aditua sortu” izango da. Adimen artifizialean oinarritutako marketineko klon bat sortzen ikastea izango da saioaren helburua: komunikatzeko modua, marka eta helburuak kontuan hartuta, edukiak sortzeko, mezuak publiko turistikoen arabera pertsonalizatzeko, zeregin errepikakorrak automatizatzeko eta marketin-estrategiari jarraikortasuna emateko. Prestakuntza Digixopek emango du eta bi orduko iraupena izango du.

Bigarren saioa azaroaren 18an izango da, 10:00etatik 11:30era. “Turismo-jasangarritasunean praktika onak” ikastaroa eskainiko da. Saioak jasangarritasuna turismo-enpresen eguneroko kudeaketan txertatzeko ikuspegi praktikoa eskainiko du. Besteak beste, energia-eraginkortasuna, ur-aurrezpena, hondakinen kudeaketa, mugikortasun jasangarria eta gizarte- zein gobernantza-alderdiak landuko dira. Gainera, autoebaluaziorako kontrol-zerrenda bat aurkeztuko da, hobekuntza-arloak identifikatu eta lehentasunezko ekintzak planifikatzeko. Prestakuntza Naturklimak emango du.

Azkeneko saioa azaroaren 25ean egingo da, 10:00etatik 11:30era, “Marketin inklusiboa” izenburupean. Ikastaroak marketin inklusiboaren oinarrizko printzipioak eta marken zein erakundeen komunikazioan aplikatzeko moduak landuko ditu. Besteak beste, hizkuntza errespetuzkoa, aniztasuna islatzen duten irudien hautaketa, kanal digitalen irisgarritasuna eta segmentazioan zein eduki-sorkuntzan ager daitezkeen aurreiritziak izango dira hizpide. Bask For All izango da formatzailea.

Hiru ikastaroak Oarsoaldeko turismo-sektoreko eragileei zuzenduta daude eta Talentur programaren barruan kokatzen dira. Ekimenaren bidez, sektoreko profesionalen ezagutza eta gaitasunak indartu nahi dira, turismo-jarduera berritzaileagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa sustatzeko.

 

 

Izen-emateak

TALENTUR IKASTAROA: Marketineko zure klon aditua sortu 

TALENTUR IKASTAROA: Turismo-jasangarritasunean praktika onak 

TALENTUR IKASTAROA: Marketin inklusiboa | Oarsoaldea