Oarsoaldeko Eskola Kirolean gero eta gehiago dira desplazamendu jasangarriak

Bizikletaren erabilerak gora egiten jarraitzen du, eta larunbatetako kirol jardueretara egiten diren joan-etorrien %49,91 dagoeneko modu jasangarrian egiten dira. Aurreko ikasturtearekin alderatuta, ia bost puntu gehiago.


Oarsoaldeko Eskola Kirolean mugikortasun jasangarriaren alde egindako apustuak emaitza nabarmenak ematen jarraitzen du. Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek, ikastetxeek eta Eskola Kiroleko eragileek elkarlanean sustatutako programaren datuek erakusten dute haurrek eta familiek gero eta gehiago aukeratzen dituztela oinez, bizikletaz, patinetez, garraio publikoan edo auto partekatuan egiteko joan-etorriak.


Eskola Kiroleko arduradunek gogorarazi dutenez, duela urte batzuk sortu zen kezka larunbatetako partidetara eta topaketetara joateko egiten ziren desplazamenduak aztertzean. Garai hartan, haur gehienak autoz eta senideekin mugitzen ziren kirol instalazioetara. Egoera hori ikusita, eta hezkuntzaren, osasunaren eta jarduera fisikoaren balioekin bat etorriz, 2013-2014 ikasturtean mugikortasun jasangarria sustatzeko plana jarri zen abian.


Ordutik, hainbat ekimen garatu dira familien ohiturak aldatzeko helburuarekin: sentsibilizazio kanpainak, bizikletaren erabilera sustatzeko ekintzak eta sari sistemak, besteak beste. Horri esker, urtez urte gero eta erabiltzaile gehiagok egiten dituzte desplazamenduak modu jasangarrian.


Ia desplazamenduen erdia jasangarria da


2025-2026 ikasturteko datuek joera positiboa berresten dute. Larunbatetako jardueretara egiten diren desplazamendu guztien %49,91 modu jasangarrian egin dira, iazko %45,18arekin alderatuta ia bost puntu gehiago. Horrek esan nahi du gaur egun eskola kiroleko joan-etorrien ia erdiak oinez, bizikletaz, patinetez, garraio publikoan edo auto partekatuan egiten direla.


Bizikletaren eta patinetearen erabilerak ere gora egiten jarraitzen du. Iaz desplazamenduen %3,34 ziren, eta aurten %4,10era igo dira, azken urteetako hazkunde joera mantenduz.


Egiluze eta Koldo Mitxelena, erreferente

Ikastetxeen arteko datuek ere emaitza aipagarriak utzi dituzte. Egiluze ikastetxean egindako desplazamendu guztien %16,89 bizikletaz egin dira, eskualdeko ehunekorik altuena lortuz.


Bestalde, Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeak lortu du desplazamendu jasangarrien proportziorik handiena: bere joan-etorrien %68,96 modu jasangarrian egin dira.


Sarituak


Ikasturte amaieran, mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoz, hainbat sari banatu dira.


Bizikletan desplazamendu gehien egin dituen ikaslea Noa Kortajarena izan da (Lezo Herri Eskola), eta bizikleta bat jaso du sari gisa.
Bizikletaren erabileran nabarmendu den ikastetxea Egiluze izan da, eta bi bizikleta jaso ditu.
Desplazamendu jasangarri gehien egin dituen ikastetxea, berriz, Koldo Mitxelena Herri Ikastetxea izan da, eta bizikleta bat eskuratu du.
Gainera, ikasturtean zehar gutxienez behin bizikletaz joan diren ikasleen artean egindako zozketan, Magali Escudero (Orereta Ikastola) izan da irabazlea, patinete batekin.


Datorren ikasturterako erronkak

 

Eskola Kiroleko arduradunek adierazi dutenez, datozen urteetan bi helburu nagusiri eutsiko zaie. Alde batetik, autoz bakarka egiten diren desplazamenduak guztizkoaren %50etik behera mantentzea. Bestetik, bizikletaren eta patinetearen erabilera sustatzen jarraitzea, joera positiboa sendotu eta haurrek mugikortasun aktibo eta osasungarriagoak bere egin ditzaten.


Oarsoaldeko Eskola Kirolean garbi dute: kirola egitea ez da soilik zelaira edo kantxara iristea; hara iristeko moduak ere hezkuntzan, osasunean eta ingurumenarekiko errespetuan eragin zuzena du.
 


Oarsoaldea