San Marko Gotorlekuak ordutegia zabaltzen du

Badira aste batzuk Errenteriako San Marko Gotorlekuak bere ateak ireki zituenetik; Aste Santuz geroztik asteburu eta jai egunetan zabalik dago. Ekainetik aurrera berriz, irekiera ordutegia zabalagoa izango da: asteazkenetik igandera zabalduko da, baita jai egun eta zubietan ere, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00etara hain zuzen. Ordutegi hau mantenduko da urriak 12 arte, gotorlekuaren irekiera denboraldiaren amaiera arte.
San Marko Gotorlekura hurbiltzen diren pertsonek aukera mordoa dute bertan egiteko.
Sarreran, Informazioa Puntua dago bertara hurbiltzen diren bisitariak artatzeko, bai Gotorlekuari buruzko, baita inguruan egin daiteken guztiaren inguruan informazioa emateko ere.
Begiratokira igota ikuspegi zoragarriez gozatzeko aukera dago. Gotorlekuaren kokapen ezin hobeari esker, Bizarain mendiaren tontorrean, gipuzkoar kostaldeko behatoki pribilegiatua da San Markokoa.
Hain zuzen, ikuspegi ezin hobe hauez baliatzen da bertan eskaintzen den doako bisita gidatua. Kokapen honetatik, bai Errenteriako eta baita Oarsoaldea bailara osoko historiaren bilakaera ezagutzeko aukera aparta ematen du bisita gidatu honek. Helduentzat eskaintzen den ohiko bisitaz gain etxeko txikienentzat egokitutako bisita berezia ere badago.
Gotorlekuaren barruko pasabideak ere zeharkatu daitezke. Museo gunean, artilleria-bateria ezkutuak, tunelak, eta baita gotorlekua inguratzen duen lubanarroa defendatzeko kaponerak ikus daitezke. Eremu guzti hau modu librean bisitatu daiteke.
Bestetik, San Marko Gotorlekuko lehenengo solairuko aretoan “Aizpitarte bidegurutzean” erakusketa iraunkorra ikusgai dago. Gune honek Aizpitarteko kobazuloak barrutik nolakoak diren ezagutzeko aukera ematen du, Sailkatutako Kultura Ondasun gisa kalifikatuta daudenak eta egun itxita daudenak, aurkitutako labar-pinturak eta -grabatuak babesteko. Erakusketa publiko guztietan pentsatuz diseinatu da eta informazio-panelak, bideoak, haurrentzako jolasak eta eskulanak konbinatzen ditu.
Azkenik, eta eguna osatzeko, San Marko Gotorlekua Lau Haizeta parkean kokaturik dagoenez, naturaz gozatzeko zenbait ibilbide egin daitezke inguruan, baita gotorlekuaren sarrera ondoan dagoen piknik guneaz eta umeentzako parkeaz gozatu ere.
Informazio gehiago eta bisita gidatuen erreserbak:
San Marko Gotorlekuko Informazio puntua
Tel.: 943 449 638
turismoa@errenteria.eus
www.oarsoaldeaturismoa.eus