ZER DAGO OARSOALDEA ESKUALDEAN AGERTU DIREN GRAFITI MISTERIOTSUEN ATZEAN?
Auzoaren Arima egitasmoaren baitan egindako esku-hartze artistikoak dira, eta gertuko merkataritzaren, herri-nortasunaren eta gure herrietako bizimoduaren inguruko hausnarketa sustatzea dute helburu.
Azken asteotan, ezusteko hiru irudi agertu dira Lezon, Oiartzunen eta Pasaia Antxon. Haien esanahia argitzen zuen azalpenik edo mezurik gabe, herritarren jakin-mina piztu dute esku-hartze artistiko horiek. Izan ere, bertatik igaro diren hainbat lagun gelditu egin dira irudiei begira, eta haien atzean zer ote dagoen galdetu diote beren buruari.
Orain, argitu da misterioa: hiru grafitiak Auzoaren Arima egitasmoaren parte dira. Ekimen horren helburua auzoei bizia ematea, tokiko merkataritzaren jarduera sustatzea eta gertuko merkataritzak gure herrietako bizimoduari egiten dion ekarpena balioan jartzea da.
Proposamenaren abiapuntua ideia xume bat da: artea ere elkarrizketak sortzeko bide izan daiteke. Eguneroko espazio batean ustekabean agertutako irudi batek galderak eragin ditzake, askotariko interpretazioak sortu eta gure ingurua beste begi batzuekin ikustera gonbidatu gaitzake
Hain zuzen ere, horixe izan da esku-hartze hauen asmoa: gure herrietako bizimoduari buruzko hausnarketa kalera eramatea eta herritarrak elkarrizketa horretan parte hartzera gonbidatzea.
Hiru irudi eta galdera ugari
Esku-hartze bakoitzak kokatuta dagoen herriaren berezko ezaugarriak eta errealitateak ditu abiapuntu.
Lezon, Trapujale herriko pertsonaia ezagun eta esanguratsuenetako bat da protagonista. Ezohiko egoera batean ageri da, herriko ohiturekin, tradizioekin eta eguneroko bizimoduarekin lotura eginez. Trapujaleren urratsek herriko kaleak biziberritzen dituzte, betiko denden xarma, gure ohituren sustraiak eta auzotarren arteko loturak bizirik mantenduz.
Oiartzunen, ardurarik gabeko erosketek eragin dezaketen ondorioak isladatzen duen irudi esanguratsua. Herriko denda bakoitzaren atzean taupadaka ari den bizitza dago; bertan erosten dugun bakoitzean, gure kaleen etorkizuna eta herriaren arima elikatzen ditugu. Merkataritza babestearen garrantzia, herriko ekonomia, enplegua eta kaleetako bizitza indartzeko.
Pasaia Antxon, merkantzia-ontzi handi bat protagonista duen irudiak gertukoaren eta gero eta konektatuago dagoen munduaren arteko harremanari buruzko gogoeta proposatzen du. Gure kaleen taupadak bizirik mantentzen ditu tokiko merkataritzak, auzotarren arteko loturak ehunduz eta herriari arima emanez.
Hiru irudi desberdin dira, baina guztiek galdera bera dute oinarrian: zerk egiten ditu gure herriak bizirik dauden leku, jardueraz, harremanez eta elkargunez betetako espazio?
Artea, elkarrizketarako abiapuntu
Auzoaren Arima egitasmoak erakusleihoez eta merkataritza-establezimenduez harago begiratzera gonbidatzen gaitu. Izan ere, saltoki bakoitzaren, jarduera berreskuratzen duen lokal bakoitzaren eta egunero altxatzen den pertsiana bakoitzaren atzean, auzoko bizitzaren parte diren pertsonak, harremanak eta istorioak daude.
Esku-hartze artistiko hauen bidez, hausnarketa hori modu hurbil, sortzaile eta parte-hartzailean sustatu nahi da, herritar bakoitzari irudiak bere bizipenetatik eta ikuspegitik interpretatzeko aukera emanez.
Izan ere, tokiko merkataritzaz hitz egitea gure herrientzat nahi dugun bizimoduaz hitz egitea ere bada.
Eta zer esan nahi du grafiti bakoitzak?
Hiru artelanek hausnarketa bana proposatzen dute, herriko tradizioekin, kontsumo-ohitura berriekin eta tokikoaren zein globalaren arteko harremanarekin lotuta.
Argazkiak: Mendi Urruzuno