Ekonomia urdina eta lurraldearen eraldaketa izango dira hizpide abenduaren 1ean Pasaian
Pasaiako Juanba Berasategi Kulturguneak «Ekonomia urdina eta lurraldearen eraldaketa» jardunaldia hartuko du abenduaren 1ean 09:00etatik 13:15era. Pasaiako Portuko Agintaritzak, AZTIk, Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzungo udalek, elkarlanean antolatutako topaketak sektoreko eragileak, enpresak eta erakundeak bilduko ditu, Pasaiako badiatik abiatuta enplegua, talentua, berrikuntza eta garapen ekonomikorako aukera berriak aztertzeko.
Jardunaldiaren helburua da ekonomia urdinaren inguruan sortzen ari diren aukerak ezagutaraztea, sektoreko eragileen arteko elkarlana sustatzea eta eskualdearen garapen ekonomikoan eragin dezaketen erronkak eta aukerak partekatzea. Horretarako, enplegua, prestakuntza, inbertsio berriak, enpresa-garapena eta berrikuntza izango dira hizpide nagusiak.
Talentua, enplegua eta inbertsio berriak, jardunaldiaren ardatz
Goizean zehar, hitzaldiak, elkarrizketa estrategikoak eta mahai-inguruak egingo dira, ekonomia urdinaren oraina eta etorkizuna hainbat ikuspegitatik aztertzeko.
Lehenengo saioetan, talentuaren eta enpleguaren erronkei helduko zaie. Ekonomia urdinaren eraldaketak eskatuko dituen profil profesional berriak, prestakuntza-beharrak, belaunaldi-erreleboa eta talentua erakartzeko aukerak izango dira aztergai. Era berean, Blue Jobs Market mahai-inguruan, sektoreari lotutako enplegu-aukerak eta beharrezko gaitasunak izango dituzte hizpide.
Ondoren, Pasaiako badian garatzen ari diren inbertsio berriei eta horiek lurraldean izan dezaketen eraginari erreparatuko zaie. Enpresen hazkundea, industriaren eta portuaren arteko lankidetza, enpleguaren sorrera eta tokiko balio-katea indartzeko aukerak izango dira elkarrizketa estrategikoaren ardatz.
Berrikuntzak ere leku nabarmena izango du jardunaldian. Enpresen arteko mahai-inguru batean, ikerketatik merkaturako bidea aztertuko da, ezagutza negozio-aukera bihurtzeko dauden erronketan eta sektorean zabaltzen ari diren aukera berrietan arreta jarriz.
Oarsoaldea Urdina 2030
Jardunaldiaren azken zatian, «Oarsoaldea Urdina 2030: ekonomia urdinaren hub baterantz» izeneko erakundeen arteko mahai-ingurua egingo da.
Saio horretan, eskualdean sustatu nahi den ekonomia urdinaren ekosistemari buruzko hausnarketa partekatuko da: zer enpresa mota erakarri, zer zerbitzu eskaini, eragileen arteko lankidetza nola indartu eta Oarsoaldeak Euskadiko ekonomia urdinaren garapenean zer eginkizun izan dezakeen.
Topaketa, beraz, ezagutza eta esperientziak partekatzeko ez ezik, eskualdeko eragileen arteko harremanak sendotzeko eta etorkizuneko lankidetza-aukerak aztertzeko gunea ere izango da.
Jardunaldiaren programa eta parte hartzaileak
09:00–09:30 | Ongietorri instituzionala.
09:30–10:00 | Talentu urdina: ekonomia urdina eraldatuko duten profilak. Sarai Blanc – Euskadiko Itsas Foroko zuzendaria.
10:00–10:45 | Blue Jobs Market: talentua, prestakuntza eta aukera berriak.
Mikel Arrieta – Blas de Lezo ; Carlos Lizarbe – Don Bosco; Ana Mendibil – Euskadiko Itsas Foroa; David Boullosa – EHUko Ingeniaritza Eskola.
Moderatzailea: Joseba Finó – Oarsoaldea Garapen Agentzia.
10:45–11:15 | Kafe-etenaldia.
11:15–12:00 | Ekonomia urdina hemen dago: Pasaiako badia eraldatzen duten inbertsio berriak.
Izaskun Goñi – Pasaiako Portuko Agintaritza; Xabier Zubeldia – Prosix Ingeniería; Iñaki Oreja – Kimua.
12:00–12:45 | Berrikuntza aplikatua: laborategitik merkatura.
Iñaki Mutuberria – Isurki; Iñaki Salaberria; Karela Solutions; Iñigo Otaegui-Urpean; Urtzi Zubiaurre-Kotazero.
Moderatzailea: Gorka Gabiña – AZTI.
12:45–13:15 | Oarsoaldea Urdina 2030: ekonomia urdinaren hub baterantz.
César Gutiérrez – Mubil; Ainhoa Unamuno – CEI Gipuzkoa; Ixone Soroa – Eusko Jaurlaritza; Fernando Nebreda – Oarsoaldea Garapen Agentzia.
Moderatzailea: Julien Mader – AZTI.
13:15 | Itxiera instituzionala. Oarsoaldea Garapen Agentzia
Jardunaldiaren informazio praktikoa
Eguna: 2026ko abenduaren 1a, asteartea.
Ordutegia: 09:00–13:15.
Lekua: Juanba Berasategi Kulturgunea, Pasaia.
Antolatzaileak
Jardunaldiaren antolatzaileak: Pasaiako Portu Agintaritza; AZTI; Oarsoaldea Garapen Agentzia; eta Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalak.