"Ultramarino” euskarazko film laburrak irabazi du aurtengo Mintzagun saria
Oarsoaldeko sei euskaltegietako ikasleek aukeratu dute euskarazko film labur onena, IKUSKA jaialdiaren baitan. Sariak euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza eta zabalkundea sustatzea du helburu.
Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmotti zuzendarien “Ultramarino” film laburrak irabazi du aurtengo Mintzagun saria, IKUSKA Pasaiako Badiako Nazioarteko Film Laburren Erakustaldiaren baitan. Saria Maren Zubeldia zuzendariak jaso du, eta 600 euroko diru-saria eta garaikurra eskuratu ditu.
Oarsoaldeko sei euskaltegietako ikasleak izan dira irabazlea aukeratzeko ardura izan dutenak. Azaroaren 16tik 19ra bitartean, IKUSKA jaialdira aurkeztutako euskarazko film laburrak ikusteko aukera izan dute, bai herrietako emanaldietan, bai euskaltegietan, baita etxetik ere. Ondoren, gustukoen zuten lana bozkatu dute, eta botoen zenbaketaren ondoren, “Ultramarino” izendatu dute irabazle.
Euskarazko sorkuntzari bultzada
Mintzagun saria 2012an sortu zen, Pasaiako Trintxer Kulturala elkarteak antolatzen duen IKUSKA jaialdiaren ekimenez, Oarsoaldeko Euskara Batzordearekin eta Pasaiako, Errenteriako, Lezoko eta Oiartzungo udalekin elkarlanean.
Ekimenaren helburua da euskarazko film laburren ekoizpena eta zabalkundea sustatzea, sortutako lanei ibilbide luzeagoa egiteko aukerak eskaintzea eta euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza indartzea.
Era berean, euskaltegietako ikasleak kultur jardueretan parte hartzera gonbidatzen ditu, euskara ikasgeletatik harago erabiltzeko eta gozatzeko aukera berriak eskainiz.
Mintzagun sariaren bidez, euskarazko kultur sorkuntzari ikusgarritasuna ematen eta euskarak kulturaren esparruan duen presentzia indartzen jarraitzen da.